Salletar Pastorala

Ebanjelizatuz hezten dugu eta heziz ebanjelizatzen dugu

Gure proposamen pastorala

Gure identitatearen DNAn: La Sallek pertsonaren eta munduaren kristau ikuskeran oinarritzen du bere hezkuntza-ekintza, eta Eliza Katolikoaren misio ebanjelizatzailean parte hartzen du. Gure gain hartzen dugu ebanjelizatze proiektu bat eskaintzeko erronka etengabea, non erdigunea pertsona den eta orientatzen duen horizontea Jesus eta bere Ebanjelioa diren.

Zer da Salletar Pastorala?

Pastorala gure identitateari erantzuna emateko eskaintzen dugun esperientzien multzoa da, La Salleko san Joan Bautistak bere garaiko erronkei emandako erantzunetik abiatzen da. Gure Ebanjelizazio Dokumentu Markoak inspiratzen du lan hau.

Fedean heztea

La Sallen Nazareteko Jesusen mezua ezagutzera eta haren proiektua praktikan jartzera gonbidatzen dugu. Eguneko gogoetaren, erlijio-klasearen, liturgia-aldien, SalleGaztearen eta ospakizunen bidez, Ikaskuntza Testuinguru Berria (ITB) eredu pedagogikoaren printzipio pedagogikoei jarraitzen diegu ikasgelan eta ikasgelatik kanpo.

Egun osoko eskola

SalleGazte, salletar gure gazte mugimendua da, haur eta gazteentzako aisialdiko hezkuntza eta pastoral eskaintza guztiak hartzen dituen “aterkia”: kristau taldeak, eskautak, katekesia, kirolak, gazte boluntariotza...

Justizia, solidaritatea eta bakea

Mundu hobea eraikitzeko dugun konpromisoa honako hauen bidez bizi dugu: boluntariotza eskaintzak, solidaritate kanpainak, Proyde-Proegarekin eta beste GGKEekin lankidetzan aritzea eta behartsuenei eguneroko zerbitzua ematea.

Proiektu partekatua

Egiten dugun misio osoa eta salletar familia bera bokazio beraren fruitu da: haur eta gazteen hezkuntza zerbitzuan elkarrekin eta asoziazioaz aritzera bultzatzen gaituen dei bati emandako erantzunaren fruitu. Anaiek, asoziatuek, hezitzaileek eta salletar gazteek gauzatzen dute bokazio-kultura hau.

Salletar pastoralaren printzipioak

Proiektu honen helburua fedeko bizi-esperientziak sustatzea da. Ez da soilik edukiak edo balioak, etab. transmititzea. Baizik eta «zerbaiten esperientzia» proposatzea da. Salletar pastoral proiektua interes-guneetan biltzen dituen esperientzien proiektu artikulatu eta erreferentzia anitzekoa da. Federantz eta fedearekiko esperientzia horiek pertsonaren dimentsio guztiak hartzen dituzte beren baitan, elkarte eta eliz eremuan, etikan eta kulturan.

Ebanjelizatze klasikoaren eredu pedagogikoa zenbait balio, kontzeptu eta bizi-eraren transmisioan oinarritzen da. Horretarako, eragile batzuk ditugu, beren bizitzan balio horiek bereganatu dituztenak eta hartzaile batzuei helarazi dietenak, hauek euren aldetik onartu eta bere baitan integra ditzaten. Urte askotan egindakoa ukatu edo baliogabetu gabe, gaur egun beharrezkoa ikusten dugu honela planteatzea: pertsona orok jada fedearen ernamuina beren baitan du eta hortik abiatzen gara eta, ondorioz, gure eredu pedagogikoa kutsatzearen bidez definitu beharko litzateke transmititzearen bidez bainoago. Kutsatzeaz ulertzen dugu hezitzailearen eta hezigaiaren artean sortzen den identifikazioa, existentziari zentzua ematen dioten balioen, kontzeptuen eta bizi-eraren pertsonen arteko erlaziotik abiatuta.

Gure salletar pastoral proiektua kulturarekin eta pertsonen bizitzarekin etengabeko elkarrizketan diharduen dinamismo gisa ulertzen dugu. Pertsona jartzen dugu erdigunean, egiturak bainoago. Gainera, bai gazteek eta bai helduek gaur egun egitura malgu ugari behar dituzte garatzeko eta euren premietako batzuk asebeteta sentitzeko, eta ahaztu gabe pertsonek egitura zurrunegiekiko duten erresistentzia, horietan parte hartzeko tarte txikia izaten baitute. Horregatik, beste ikuspegi bat beharrezkoa da gure eskolei begiratzeko eta horietan eredu pastoral berri bat sortzeko. Beharrezkoa gure hezkuntza-eskaintzak eta -ekintzak dibertsifikatzea, pertsonok bizi-prozesu bat egiteko ditugun mekanismoetan pentsatuz eta pertsona eta fededun gisa heltzeko eta garatzeko ditugun zentzu-interkonexioak deskubritzeko.

Salletar pastoralerako ibilbideak

ITBn, “Hara” programari eta beste zenbait jarduerei esker, pertsona ororen dimentsio transzendentea lantzen dugu barnekotasuna eta transzendentziarekin, Haur Hezkuntzatik hasi eta azken ikasturteetara arteko aldizkako saioekin. Arreta berezia jartzen diogu gorputz-lanari, doktrinez eta kredoez haraindiko transzendentziarekiko irekitasunari eta integrazio emozionalari, uste baitugu beharrezkoa dela hezitzaileei eta ikasleei beharrezko tresnak ematea emozioak modu egokian maneiatzeko. Tutoretza-dinamiken bidez, eguneko gogoeta-denboran edo saio espezifikoetan, maila guztietan lantzen da barnekotasun-printzipio hau.

Uste dugu pertsona oro ezinbestekoa dela Ebanjelioaren balioetatik mundu hobea eraikitzeko. Bakoitzak, bere bokazio espezifikotik, bere existentziaren zentzua seriotasunez planteatzera gonbidatuta dago, ez “zertarako”, baizik eta “norentzat” eta “norengandik” galderetatik. Fede sakon batetik abiatzen gara: Jainkoak pertsonalki deitu gaitu bere Berri Ona salletar familian bizitzera.

Ikus "Bokazioen Animazio Plana" dokumentua

 

Hezitzaileek, ebanjelizazio-eragile gisa, pertsona bakoitzaren ondoan (haurrak, nerabeak, gazteak edo helduak) egin nahi dute bizi bidea eta euren talde ibilbidea. Horretarako, bizitzako erreferentziak eta une bereziak zaintzen dituen ibilbide existentziala eta esperientziala diseinatzen dute, formazioaren bidez (eskola, aisialdiko taldeak, kristau taldeak...), topaketen bidez (Bizikidetzak, Pazkoak...), boluntariotza prozesuen bidez, etab. Bide-laguntzailea ondoan egongo da, bizi ibilbideak ahalbidetzen, eta, aldi berean, bera lagundua izaten utziko du (gazteek beren mundutik ebanjelizatzen gaituzte). Bide-laguntzailea, aldi berean, bidearen erreferentzia eta lekuko da. Are gehiago, gazteak berak berdinen eta txikien hazkunde-prozesuak lagundu ditzake, eta, horrela, bere ibilbidearen protagonista eta «besteen bidelagun» egiten da. Beraz, pastoralaren hartzaileak dira eta baita eragileak ere. Pastoral eskaintza ezberdinek gaztearen protagonismo osasuntsua sustatzen dute, hasierako planteamendutik hasi, garatzen jarraitu eta ebaluazioan bukatuz. Pastoral planteamendu hau, akonpainamenduaren arduradunen formazioak suposatzen duen erronkaz jabetuta dago, hau gabe, ezinezkoa baita bide-laguntza eskaintzea. Horretarako, formazioa barnekoa izango da, berezko izaera eta estiloarekin, baita partekatua ere beste erakundeekin.

Arlep Barrutiko La Salle Misioaren Proiektuak (2012) gogorarazten duenez, “gure inguruko zein herrialde pobretuetako pobrezia- eta bidegabekeria-egoerak salatzeko eta horiei erantzuteko konpromisoa hartzen dugu”. Hainbat baliabide daude kezka hori bideratzeko, bai salletar GGKEetan, baita ikastetxeetan eta Unibertsitate Erakundeetan ere, baita gizarte-hezkuntzazko obretan eta hezkuntzaren inguruko hainbat formazio-planetan ere, “justizia, solidaritatea, kreazioarekiko osotasuna, hezkuntza-curriculumaren barruan eta kanpoan, gizarte-ekintza solidarioa eta boluntariotza sustatzen dutenak”. La Salle sortu zenetik, justizian heztearen aldeko hautua honako hauetan agertu da: zailtasun gehien dituzten ikasleei arreta ematean, pobreziako eta gizarte-zaurgarrienen egoeren aurrean hezkuntza-erantzunak ematean, aniztasunari arreta eskaintzean, integrazio-geletan, eskola-errefortzu eta -laguntzan, beharrak dituzten familientzako laguntzetan, haurren eskubideak sustatu eta defendatzean, berdintasunerako hezkuntzan eta esparru akademikoan edo eskolaz kanpokoan sar daitezkeen sormen-aukera guztietan.

Ezagutu La Salle Gizarte Ekintza

La Salleko san Joan Bautistaren eta lehen Anaien bizitza eta konpromisoa, gure 300 urte baino gehiagoko historian hainbat eta hainbat salletarren testigantza xume eta saiatuarekin batera, bide honi sormenez jarraitzeko inspirazio iturri ditugu. Sakontzen dugu eta euren bizitza eta bizi-ibilbideak ezagutzera ematen ditugu fedearen lekuko direnez.

Ezagutu nor garen?

La Salleko san Joan Bautistaren garaitik, federako formazioa bizitza errealeko egoeren kontenplazioari emandako erantzun praktiko gisa interpretatu izan da. Ezin gara kristauak izan formatuta ez bagaude eta formazio hori besteen zerbitzura jartzen ez badugu.

Salletar Gazte Mugimenduaren (SalleGazte) helburua da Salletar Hezkuntza Misioan parte hartzen duten nerabe eta gazte helduen bokazio ibilbide pertsonal eta komunitarioaren kontzientzia piztea. Mugimendu honek konprometitzen gaitu, maila pertsonalean, profesionalean eta espiritualean, gure mugetatik haratago joatera, guk eta gure bide-laguntza jasotzen dutenek «bizia –eta bizia ugari gainera– izan dezaten» (Jn 10,10).

Ikus "Salletar Gazte Mugimenduaren identitate Gutuna" dokumentua

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.